Gazteen txanda

Denboraldia ari da pixkanaka bere amaierara iristen. Espainiako Itzulia eta munduko txapelketa hartzen dira nazioarteko tropelaren erreferentzia nagusi gisa garai honetan, nahiz eta badiren garrantzia handiko beste lasterketa batzuk ere. Horien artean kokatu behar da Etorkizuneko Tourra, ez agian bertan izango den kirol maila  besteenen parekoa izango delako, baina bai Iraileko 5etik 14ra bitarte frantziar errepideetan izango diren asko datozen urteotan handienen artean protagonista izan daitezkeelako.

Bauke Mollema, iazko irabazleaEz dago ukatzerik azkeneko urteotan horrenbeste gazte profesionaletako mailarik gorenean izateak iraultza txiki bat ekarri duela txirrindularitzara. Etorkizuneko Tourra aldaketa hau somatu duen lasterketa izan da. Izan ere, gaur egungo gazterik dohatsuenak ez dira jada bertan lehiatzen (Cavendish, Ciolek, Kreuziger edota Andy Schleck ez dira irteeran izango); aspaldiko kontua izanagatik azkeneko urteotan nabariagoa ari da gertatzen. Edozein kasutan, 23 urtez azpiko txirrindulari on asko ahaleginduko da egunotan Alemaniako errepideetan horren maila ona erakusten ari den Bauke Mollema herbeherearraren hurrengo izaten.

Ibilibideari dagokionez, 7 kilometro t’erdiko atarikoak emango dio hasiera lehiari, eta azken urteotako formula bera erabili du ASOk lasterketaren diseinuan. Mendate txikiz jositako etapak izango dira beraz nagusi, nahiz eta azken aurrekoan Pirinioetan lehen mailako hiru mendate igo beharko dituzten, zalantza izpirik gabe etapa erregina izango denan. 6. etapan jokatuko den 21 kilometrotako erlojupekoak ere seguru asko izango du eraginik sailkapen nagusiaren ordenean.

Faboritoak zeintzuk diren esatea ez da erraza izaten halakoetan, euren izena oraindik lau haizetara zabal dadin lortu ez duten gazteak izango baitira gehientsuenak. Nolanahi ere, badira hasiera batean behintzat jarraitu beharreko bakan batzuk. Gogorarazi egin behar da bestalde lasterketa hau, Nations Cup delakoaren barne diren beste guztiak bezalaxe, estatukako selekziotan korritzen dela.

Horrela, jada lasterketa garrantzitsuetan erakutsi duen mailagatik, Rein Taaramae estoniarra har liteke faborito nagusitzat. Tanel Kangert ez du alboan izango, baina Cofidis taldeko txirrindulariak mendian gora eta erlojupekoan erakutsi duen maila ikusirik, bera gainditzea zaila izango dela pentsa daiteke.

Beste faborito bat Jan Bakelants flandestarrak behar luke. Aurten Ardenetan gazteentzako prestatzen diren probatan hartu ahal izan zaion tankeragatik (23-z azpikoen Liege-Bastogne-Liege irabazi du besteak beste), ibilbidea Topsport Vlaanderen taldean urtea amaitu arte ibiliko den gizonarentzat aproposa dela esan daiteke. Bere alboan talde belgikar indartsua izango du.

Badira derrigorrean jarraitu beharreko beste bi gazte. Aurrenekoa Coen Vermeltfoort herbeherearra dugu, aurten kontinental zirkuitoan izan den txirrindularirik onena seguru asko, profesionaletan ere jadanik estreinaturik bada ere. Gizon azkarra eta erlojupekoetan maila ematen duena, baina batez ere, oso irabazlea; normalenean behintzat sailkapen nagusiaren lehian ez luke egon behar. Alboan ezaugarri antzekoak dituen Dennis Van Winden taldekidea izango du (esan beharrik ez da zein taldetan korritzen duten).

Bigarrena errusiarren harri bitxi berria da, Timofey Kritsky. Kasu honetan ere azkenaldian gazteen artean eman den fenomeno baten profila betetzen du (ikus Edvald Boasson Hagen). Hala ere, Nations Cup-ean berriki izandako emaitzak kontuan hartuz, ez nuke badaezpada horren ozen esango sailkapen nagusian aurrean izango ez denik, are gehiago bere jatorria zein den ikusirik. Kristjan Koren esloveniarra ere ezaugarri horiek erakusten ahaleginduko da; zaletuek Perutnina taldearen harrobiak txirrindulari onak ematen jarraitzen duela ikustea nahiko izango du bestalde.

Gainerakoan ere badago zer ikusi. Portugaldarrek Benfica taldeko Rui Costa daramate talde buru. Italiak, bere aldetik, aintzat hartu beharreko txirrindulari asko izaten du. Kasu honetan 23-z azpiko herrialdeko txapeldun Damiano Caruso eta iazko junior mailako munduko txapeldun Diego Ulissi nabarmenduko nituzke. Frantziak bi talde izango ditu; tartean hainbat stagiaire eta profesionalen bat. Erlojuaren aurkako espezialista diren Jérôme Coppel eta Tony Gallopin aipa litezke erreferentzia gisa, Uztailean gazteen Europako Txapelketa irabazi zuen Cyril Gautier-ez gain. Lasterketa hartan zilarra lortu zuena ere Etorkizuneko Tourrean izango da, Paul Voss alemaniarra hain zuzen. Dominik Klemme-rekin batera bikote indartsua osatuko du ezbairik gabe lasterketan esprintik ematen bada.

Partaidetzarekin amaitzeko, alde batetik estatubatuarren talde indartsua aipatu behar da, bertan Californiako Itzulian maila oso polita erakutsi zuen Thomas Peterson izango baitute, Rabobank Continentaleko Tejay Van Garderen-ekin batera. Luxemburgok azkenaldian itzali xamar dabilen Ben Gastauer darama lasterketara, eta Suitzak Marcel Wyss espezialista polita, egun Scott-American Beef taldean ari dena.

Izen eta gizon asko izango da hortaz garaipen sonatu bat lortu eta profesionaletan aintzat hartua izateko asmoz. Horretarako nahiko anarkikoa gertatzen den lasterketan mugitzen jakin beharko dute, momentu garrantzitsuetan indarra izateaz gain, noski. Hori guztia hobekien zeinek bete duen datorren asteko igandean jakingo dugu.

Argazkia: www.letour.fr